XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Konkurrentzia inperfektuaren ondorioak eta beste zenbait kontsiderazio

a) Monopolioa (eskaintza-monopolioa) inflazioaren eta (eskari-monopolioa) langabeziaren eragile da. Oro har monopolistaren portaera bere bezero edo hornitzaileengandik mozkina ateratzekoa izaten da, saltzeko prezioa konpetentzia perfektuan baino handiagoa (eta erosteko txikiagoa) ezartzen duelako.

b) Epe motzera prezioak zurrunak dira eta epe luzera malguagoak. Konkurrentzia perfektuko ereduan enpresak eskariaren aldaketetara moldatzen dira eta eskarian eragiterik badute. Merkatuen perfekziorik ezak, ordea, neurri handi batean eragotzi egiten du kontsumitzailea errege da esaldiak dioena betetzea.

Monopolioari mesede egiten dio elastikotasunik gabeko eskariak (edo ezkaintzak). Horrek ondasuna ez dela oso ordezkagarria esan nahi du. Epe motzera, monopolioa edo oligopolioa badago, kontsumitzaileak ia aukerarik ez du.

Produktua derrigorrez behar badu, enpresek finkatutako prezioan erosi beharko du. Ondorioz, prezioa epe motzera finkoa da eta kontsumitzaileak erositako kopuruan besterik ez dezake joka.

Kontsumitzaileak konkurrentzia kontzentratu gabeko merkatuetan baizik ezin dezake ezarri (zenbait zerbitzu-merkatutan, adibidez) edo gerra duten oligopolioen merkatuetan. Horrelakoetan enpresak merkatuko prezioaren menpe egoten dira.

Epe luzera prezioak malguagoak izaten dira. Horretarako arrazoi batzuk daude:

- Kontsumitzaileek derrigorrezkoa ez den produktuaren prezioa handiegitzat jotzen badute, beste produktu batzuetara joan daitezke eta monopolioek zein oligopolioek beren prezio-politikak birmoldatu egin beharko dituzte.

- Merkatuko egiturak aldatu egin daitezke. Monopolio-egoeran konkurrentzia sor daiteke, bakean dagoen oligopolioan gerra sor daiteke...

- Aurrerapen teknikoek normalean merkatuetan eragina dute. Batetik ordezkatzeko produktu berriak ateratzen dituzte eta merkatuaren funtzionamendua aldarazten dute. Bestetik, produkzio-kostuak jaisten dira eta, mozkin-marjina mantenduz, produktuen salmenta-prezioa jaisten da.